Tipi Tapa
Urte honetan zehar, Iratzarri Emakumeen Elkarteak ere lagundu du Tipi Taparen jardueran.
2019. urtetik egiten dugu, gizarte-laguntzaileak bultzatuta, bertan parte hartzen hasi ginenetik, batzuetan arduradun gisa eta beste batzuetan laguntzaile gisa.
Jarduera hau Udaleko gizarte arloak sustatzen du.
Horren helburua da belaunaldien arteko harremanak indartzea, ibilaldi osasungarrien bidez, gure osasun fisikoa eta osasun mentala hobetzen laguntzeko.
Iratzarriz gain, herriko beste elkarte batzuek ere parte hartzen dute, hala nola, Garagune, Nagusilan, Buztintegi eta Meazti ikastetxeekin batera.
Hilean behin Gizarte Zentroan biltzen gara jarduera hori programatzeko, eta hilabete horretan zerbait aipagarria baldin badago, ospatu ere egiten da (Azaroko November, Emakumeen Eguna, Jasangarritasunaren astea, bularreko minbiziaren eguna, inauteriak...)
Ostegunero goizeko 10:30etan Euskal Herriko Plazan biltzen gara gure ibilaldiari hasiera emateko.
Eguraldiaren arabera ibilbide bat edo beste egiten da eta bukatzeko Zentro Sozialera gerturatzen gara eta bertan indarrak berreskuratzen ditugu pintxo eta salda batekin, musika onaz lagunduta.
Une egokia da adin desberdinetako pertsonekin hitz egiteko eta gure bizipenak partekatzeko, guztion aberastasunari lagunduz.
Iratzarritik animatu nahi zaituztegu ostegunen batean gerturatu eta Tipi Taparekin gozatzera.
Joan den maiatzaren 10ean, Iratzarriko talde bat Legazpiko beste talde batzuekin batera eta GizarteLab proiektuaren barruan, Hernialdeko herriak gonbidatu gintuen Kulturaren Egunean parte hartzeko.
Guk gure harri-koskorra ekarri genuen “Labbatu” batukada taldeko kide gisa.
Gure herritik kanpo jotzen genuen lehen aldia zen, baina azkenean arrakasta izan genuen.
Goizeko 11ak aldera iritsi ginen, "Kutsidazu Bidea Ixabel" murala zabaldu zenean, Hernialdetik Alkizara doan Josean Sagastizabalen liburuan oinarritutako ibilbidea oroitzeko eta egileak euskara ikasten eman zuen denbora gogoratzeko.
Goiz osoan zehar Eskulangintza Azokaz gozatu ahal izan genuen, bertan ekoizle eta artisauen produktuak ikusi eta erosteko aukera izan genuen.
Hori guztia musikaz girotuta, eta noski, gure Batukadaren doinu alaiekin.
Ondoren, frontoian bertan bazkari herrikoia egin zen eta bertan ere parte hartu genuen, hau komunitatearen topagune izanik.
Egun atsegina izan zen eta oso ondo sentitu ginen.
Iratzarritik, horrelako jarduerek gure harremanak sendotzen, komunitatea egiten eta errealizatuago sentitzen laguntzen dutela pentsatzen dugu
Labbatu ez da jotzea bakarrik, askoz gehiago da, adiskidetasun loturak garatzeko bidea da.
Eskerrik asko Hernialde!
Mila esker Labbatu!
Gora Iratzarri Emakumeen Elkartea!
Joan den apirilaren 28an, Irtazarriko bazkide batzuk, Eroskik gonbidatuta, Basque Culinary Centerrek Donostian sustatutako GOE TECH ( Gastronomy Open Ecosystem) zentroan izan ziren.
Sarreran bertako zuzendariak eta Eroskiko arduradunak egin zieten harrera.
Ondoren, bisita gidatua egin zieten instalazioetan zehar, eta bertan ikusi ahal izan zituzten beren sukaldeak, ikasketa-gelak, bilera-gelak, laborategia… Zentro honetan, gustu ona eta funtzionaltasuna eskutik doaz.
Eroskik sozietate kooperatibo gisa duen egiturari buruzko informazioa eman zien, baita bazkideek erabakiak hartzeko duten garrantziari buruzkoa ere.
Kontsumitzailearen interesak ezagutzeko inkesta bat betetzeko eskatu zieten, eta etorkizuneko topaketetan parte hartzeko gonbita egin zieten; parte-hartze mailaren arabera, aurrez aurrekoak edo birtualak izan zitezkeen.
Amaitzeko, merkatura atera berria zen sagar tarta izoztua dastatzeko aukera eskaini zieten.
Esperientzia oso aberasgarria izan zen, Eroskiren eskutik zentro berritzaile eta moderno hau gertutik ezagutzeko aukera izan baitzuten.
Eroskirekin lankidetzan eta parte hartzen jarraitzea espero dugu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalarekin eta gure herriko hainbat erakunderekin elkarlanean, “Ongizatearen plaza” izeneko gune irekia ekarri zuen Legazpira, martxoaren 26an eta 27an, osteguna eta ostirala, “ondo egoteko eta sentitzeko funtsezko gaiei buruz hitz egiteko eta ikuspegiak partekatzeko”.
Plazaola parkean kokatuta eta bertan, hainbat gai jorratu ziren, besteak beste, gazteen ongizatea, nahi gabeko bakardadea, ariketa fisikoa, kanpotik iritsitako pertsonen inklusioa, osasun mentala, tekno-adizioak, elikadura jasangarria eta belaunaldien arteko loturak, solasaldiak, mahai-inguruak eta beste hainbat jarduera sortuz.
Gure elkarteko kideek, programatutako jardueretan parte hartzeaz gain, herriko “LABBATU” batukadako kide gisa parte hartu zuten, ostiralean, hilak 27, arratsaldeko 7etan, jardunaldiei amaiera eman zien pintxopotearen aurretik.
Oihal poltsa bat edo tote bag bat egiten ikasteko aukera dute legazpiarrek, Iratzarri elkarteak antolatutako hurrengo ikastaroari esker. Apirilean izango da, eta izena emateko eguna datorren asteko asteazkena izango da, martxoaren 25a. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek Iratzarriren egoitzara joan beharko dira izena ematera 16:30ean, edo mezu bat bidali iratzarri.legazpi@gmail.com
Conchi Hidalgok emango du ikastaroa, apirilaren 13an, 20an eta 27an, 16:00etatik 18:00etara.
Plazak mugatuak dira, eta jende gehiagok ematen badu izena, zozketa egingo dute guztien artean.