Unai Perez Iantzik Eguberrietarako proposatutako menua.Hitza
Benedictine arrautzak holandar saltsarekin.
OsagaiakArrautzak (pertsonako bat)
Brioche ogi xerrak
Gurina (ogia txigortzeko)
Tipula (pertsonako erdia)
Hirugiharra (pertsonako hiru)
Parmesano gazta
Tipulin freskoa (apaintzeko)
Holandar saltsa egiteko
Bi arrautza gorringo
125 gramo gurin
Limoi erdi baten zukua
Bi koilarakada ur
Gatza eta piperbeltza
Prestaketa
Brioche ogia txigortu zartaginean, gurin pixka batekin. Aparte, juliana erara txikitutako tipula gorritu olio olibarekin. Ogia txigortuta dagoenean, hirugiharra egin ondo gorritu arte.
Holandar saltsa egiteko, lehenengo urtu gurina, goiko aparra kendu eta utzi epeldu arte. Bi gorringoak, gatza, limoia eta ur pixka bat ontzi batean jarri, irabiatu irabiagailuarekin, eta gurina gehitzen hasi pixkanaka, baina koipea bakarrik.
Ondoren, arrautzak ur irakinetan egin, gatz eta ozpin pixka batekin banan bana.
Aurkezpena
Ogiaren gainean gazta birrindua bota, hirugiharra jarri gainean, eta gero tipula. Arrautza eginda dagoenean, arrautza jarri, eta holandar saltsarekin estali.
Amaitzeko, labean gratinatu eta bakoitza plater batean atera, gainean tipulina duela.
Legatza, pikillo saltsa eta porru kurruskariarekin.Hitza
Osagaiak
Legatz solomoa (pertsonako tako bat)
Bi porru (parte zuria)
Olioa
Gatza eta piperbeltz zuria
Oliba beltzak eta txorizoa, apaintzeko
Pikillo saltsa egiteko
Tipula zuri eta gorri bana
Hiru baratxuri ale
Gatza eta piperbeltza
Perrexil freskoa
Ezti koilarakada bat
Pikillo piper pote bat
150 gramo kozinatzeko esne-gain
Prestaketa
Txorizoa xafla mehetan eta oliba beltzak erditik moztu, eta 120 gradutara dagoen labean sartu, 50 minutuz.
Porru kurruskaria egiteko, porruaren zati zuria erditik moztu, eta gaineko hostoak erabili tira fin-finak egiteko. Gatza bota, eta irinean pasatu eta gero, oilo bero-berotan frijitu.
Legatza aurretik 180 gradutara berotutako labean sartu, eta 9 minutuz egin.
Pikillo saltsa egiteko, tipulak, baratxuria eta sobratu den porrua frijitu ondoren, piperrak, eztia, perrexila eta ur pixka bat gehitu, eta egosten utzi ordu erdiz. Gero dena birrindu, eta saltsa irabiatu.
Aurkezpena
Pikillo krema jarri plateraren hondoan, eta gero legatza. Gainean porru kurruskaria jarri, eta aurretik txiki-txiki egin dugun txorizoa eta oliba beltzak botako dizkiogu, apaintzeko.
Bi txokolatedun mousea.Hitza
Osagaiak
Txokolate zuriarentzat
300 gramo txokolate zuri
500 gramo esne-gain
Azukrea
Bi gelatina xafla
Esnedun txokolatearentzat
300 gramo esnedun txokolate
500 gramo esne-gain
Azukrea
Bi gelatina xafla
Apaintzeko
Mendafina Zigarrotxoak
Almendra txikitua
Prestaketa
Lehenik gelatina xaflak hidratatu.
Ontzi batean, esne-gaina harrotu azukrearekin, eta aurretik urtutako txokolate zuria eskuz nahastu.
Hidratatutako bi gelatina xafla urtu, eta eragiteari utzi gabe, aurretik egindako nahasketari erantsi.
Beste ontzi batean, operazio berdina egin esnedun txokolatearekin. Eta bi nahasketak hozkailuan gorde 40 minutuz.
Aurkezpena
Kopa batean, almendra txikitua jarri eta gainean nahasketetako bat gehitu pasteletarako mahuka baten laguntzaz. Gainetik almendra gehiago ipini, eta ondoren beste nahasketa gehitu.
Apaintzeko, mendafin hosto batzuk eta zigarrotxo bat jarri.
Aurreko urteetan bezala, Iratzarrik tailer bat proposatu zuen Gabonetako menua egiteko. Oraingo honetan, Unai Perez Yanci sukaldari legazpiarrak eman zuen ikastaroa. Badirudi sukaldaritza-tailer honek harrera ona izan zuela bazkide eta legazpiarren artean, eta, berriro ere, izen-emateei dagokienez, aurreikuspen asko gainditu zirela. Hori dela eta, gure elkartea taldekako kide-kopurua eta talde-kopurua handitzera bultzatu zuen, 80 pertsona baino gehiago matrikulatu baitziren.
Ikastaroa lau egunetan zehar eman zen, hiru orduko saio bat talde bakoitzeko.
Benedictine arrautzak, legatz errea pikilo piperren saltsa gainean eta porru kurruskariarekin, eta bi txokolatezko mousea prestatu zituen sukaldariak, Karlos Peñagarikano laguntzaile zuela. Plater guztiak dastatzeko eman zizkieten gero ikastaroko partaideei.
Unai Perez Iantzik (Legazpi, 1987) Donostiako CEBANC sukaldaritza eskolan ikasi zuen, lehenengo gozogintza, eta gero sukaldaritza. Tolosako Frontoian egin zituen praktikak gero, Roberto Ruiz sukaldariaren aginduetara. Ondoren, jatetxetik jatetxera ibili da lanean, besteak beste Legazpiko Latxartegin. Horretan sukaldari buru izan zen, eta Peñagarikanok pintxe moduan lan egin zuen berarekin. Legazpin ibili ondoren, adinekoen egoitzetan egin du lan: Zumarragako Argixaon, Arrasateko Aita Mennin, etab....
Iratzarriren ikastaro berezi hau antolatzeko deia urduritasunarekin eta ardurarekin jaso zuela aitortu zuten bai sukaldariak bai pintxeak asteleheneko saioa amaitzean. “Baina dena oso ondo atera da, eta gustura” geratu ziren biak.
Bertaratzeak, iruzkin positiboek eta, oro har, tailerraren arrakastak halako jarduera gehiago antolatzen jarraitzeko pizgarria da.
Mila esker guztioi!! !
Tailerraren formaturako pertsona kopuru egoki batek eman zuen izena ikastaroan eta normaltasun osoz garatu zen.
Helburua bete-betean lortu zen, parte hartzaile guztiek euren Montessori pilota amaitzea lortu baitzuten. Eskertzekoa da lehenengo egunetik jarduera egiteko materiala aurrez erosita eta prest zegoela luze gabe hasteko. Azpimarratzekoa da Conchiren adeitasuna eta arreta ikastaro osoan zehar, baita lan-giroa ere. Parte-hartzaileen artean giro lasaia eta lankidetzakoa izan zen.
Esperientzia positiboa ikuspuntu guztietatik.
Zer da Montessori pilota bat?
Montessori pilotak oihalez eginda daude, bigunak eta leunak dira. Kuxin formako 12 kuxin bigunez osatuta daude. Normalean, koloretako bi oihal eta estanpatu desberdinak konbinatzen dituzte. Askotan Montessori pilotek kaskabilo bat daramate barruan. Lau hilabetetik aurrera gomendatzen da.
Zergatik dira egokiak Montessori pilotak haurtxoentzat?
Haurtxoen ikusmen-garapenean, kontrasteak bereiztea da haien gaitasun nagusietako bat. Montessori pilotek haurren ikusmenaren berezitasun hori jasotzen dute diseinuan, koloretako oihalak eta estanpatu kontrastatuak konbinatzen baitituzte. Hala, zure haurtxoari atentzioa emango diote desberdintasun horiek, eta pilotarekiko interesa handituko zaio.
Montessori pilotak, gajo-formako kuxinez osatuta daudenez, aukera ematen dute haurtxoek hatzamarrak haietan murgiltzeko eta ohiko pilotek baino errazago heltzeko, erabat leun. Heltzeko erraztasun horrek areagotu egiten du haien kontrol-sentsazioa. Oihalezko testura oso atsegina izango dute adin horretan, gomazko edo plastikozko pilota batena baino gehiago.
Haurtxoentzako Montessori pilota hauen beste abantaila bat desplazamenduak leunak direla da: ez dute erreboterik egiten, motelagoak dira, ez dute aurri egiten eta ez dira asko aldentzen. Ohiko pilotak baino errazago maneiatzen dira. Horrela, ezustekoak, kolpeak eta pilotarik ez jasotzeak eragindako frustrazioa saihestuko ditugu.
Ezaugarri horiengatik guztiengatik Montessori pilotak laguntzen du:
1. Zentzumen-estimulazioa: Entzumena, ikusmena, ukimena.
2. Eskuzko trebetasuna eta begia-eskua koordinazioa garatzen ditu.
3. Motrizitatea estimulatzen eta hobetzen du: narrastu, lau hankatan ibili eta ibili.
4. Kausa, ondorioa eta abar ulertzea.
Iratzarri sortu zeneko 35. urteurrena ospatuko dugu aurten. Ospakizun horretarako proposatu genituen jardueren artean, eta gure elkartea Legazpiko herriari ikusarazteko asmoz, Legazpi zine-klubarekin batera film bat proiektatzea pentsatu genuen.
Programatu genuen emanaldia emakumearen nazioarteko egunaren inguruan izatea eta zine saioa doakoa eta bazkide guztiei eta Legazpiko herritar guztiei irekia izatea.
Zine klubak SHAIDA filma proposatu zigun. Noora Niasarik zuzendu eta koproduzitutako filma, bere esperientzian oinarritua.
2023ko Sundanceko Zinema Jaialdian World Cinema Dramatic lehian publikoaren saria jaso zuen film honek, eta 2024ko Oscar Sarietan nazioarteko film onenaren Australiako hautagaia izendatu zuten.
Shaydaren (Zar Amir-Ebrahimi) istorioa kontatzen du, sei urteko alabarekin tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeentzako harrera zentro batean Australian bizi den emakume irandarra da. Alabari nolabaiteko normaltasuna ematen saiatzen den bitartean, dibortzio bati eta senar ohiaren bisita-erregimenari aurre egin beharko die, Mona ikusteko. Aterpeko emakumeen komunitate sendoaren babesa jasoko du. Zailtasunek ez dute bizitza berri bat hasteko gogoa murrizten.
Jorratzen den gaia, zoritxarrez, gaurkotasun handikoa da oraindik ere.
Filma martxoaren 7an proiektatu zen Latxartegi aretoan eta jende ugari bertaratu zen. Gure elkartearentzat berritzailea den jarduera, zine emanaldi bat planteatzen dugun lehen aldia baita, eta zine klubarekin dugun elkarlana oso positiboak izan dira eta etorkizuneko proiekzio eta kolaborazioetarako atea irekita geratzen da.