Aurten, udako oporren etorrerarekin eta Iratzarriko kideen artean ohikoa den bezala, ekainaren 12, 13, 14 eta 15ean La Mariña Lucenseraino hurbildu ginen.
Burelara iritsi baino lehen, han baitzegoen gure hotela, Foz herrian gelditu ginen San Martiño Basilika ikusteko. Espainiako katedralik zaharrena da, jatorri prerromanikoa du eta XI. mendeko monasterio baten gainean eraikia dago.
Hotela kostaldean genuen, Burelan hain zuzen ere, herri ospetsua bere itsas tradizioagatik eta arrantza industriagatik.
"Virgen del Carmen" Boniteiro Itsasontzi Museoa bisitatu genuen. Bertako konpartimentuak bisitatu genituen eta 60ko hamarkadako hegaluze-ontzi baten bizitza nolakoa zen ikusteko aukera izan genuen.
Hilaren 13an, Lugora joan ginen. Erromatarren iragan bikaina du hiri horrek, eta, horren erakusgarri, harresi izugarria da, bakarra munduan, perimetro osoa baitu oraindik.
Gida batek lagunduta, harresia kanpotik zeharkatu genuen, San Pedroko atetik sartu ginen, bertako kaleetan ibili ginen, eraikin erlijioso, zibil, eliza, plaza Nagusi, Museo Provinical, Santa Maria Katedrala...ikusiz eta bitartean, gidariak Lugo hiria ezagutzen lagundu ziguten mila istorio kontatu zizkigun, LUCUS AUGUSTUS bere sorreratik gaur egunera arte.
Arratsaldean, Mondoñedora joan ginen, eta hango katedrala bisitatu genuen. Katedral belaunikatua deitzen diote, altuera txikia duelako eta arrosa-leiho ikusgarria duelako.
Katedralaren ondoan Gotzain Jauregia eta Santa Katalinako Seminarioa bisitatu genituen.
Katedralaren fatxadaren parean, Mondoñedon jaiotako Alvaro Cunqueiro idazlearen brontzezko eskultura bat dago.
Oraindik ere Erdi Aroko trazadurari eusten dioten kaleetatik paseatu ahal izan genuen, harrizko etxeak, lauzazko teilatuak eta arkupeak miretsiz.
Hilaren 14an, goizean goiz, itsasbeheran geundela aprobetxatuz, Katedralen Hondartza ezagutzeko aukera izan genuen. Naturaren altxor bat da, milioika urtetan itsasoaren higadurari esker sortu dena. Olatuek harkaitzak higatu zituzten, lurreko arrakala naturalak aprobetxatuz kobazulo eta arku handiak zizelkatzeko.
Pitzadura eta arku horien artean oinutsik ibiltzea, Kantauri itsasoak itsasertzean gogor jotzen duen bitartean, zentzumenentzako benetako plazerra da.
Ondoren, Ribadeora joan ginen. Jauregien hiria da Ribadeo, eta Kantauri itsasoko lehen portua izan zeneko garai baten aztarna gordetzen du bere kale, denda eta jatetxeetan.
Ribadeoren parean, Eo ibaiaren beste aldean, Asturias eta Galiziaren arteko muga naturala, Castropol herri asturiarra ikusten da.
Arratsaldean Viveirora hurbildu ginen. Mariña eskualdeko hiririk garrantzitsuena da.
Erromatar jatorriko hiria da. Hirigune historikoa bisitatu genuen. Oraindik ere betiko itxura du, harrizko plazak eta kale estuak ditu, gehienak gremio-jatorrikoak, kaleen izenek adierazten diguten bezala (zapatariak, arotzak, larru-ontzaileak...).
Gure paseoan, itsasoari begira dauden galeria dotoreak dituzten etxe eta eraikin zaharrak topatu genituen.
Gaur egun antzinako harresiaren aztarnak ere ikus daitezke, Karlos V.aren atea, hirira sartzeko aukera ematen zuenetako bat, San Frantzisko eta Santa Maria elizak, Kontzezioaren Monasterioa, Lourdesko Leizea bezala ezagutzen den lekua...
Viveiron, etenik gabe ospatzen da XIII. mendetik, Galiziako Aste Santu zaharrenetako bat.
San Frantziskoko komentu zaharreko klaustroan dagoen erakusketa iraunkorra bisitatu genuen. Bertan, Aste Santuaren eta ospakizun horren inguruko ekitaldi erlijiosoen nondik norakoak ezagutuz.
Zortea izan genuen herriko boluntario batek bere ezagutza guztia gure esku jarri zuelako.
Ia konturatu gabe, astelehena iritsi zen, itzulera eguna .
Baina aurretik Sargadelos-eko zeramika fabrika ezagutu behar genuen.
Fabrika enblematiko hau XVIII. mendean sortu zen Cervo udalerrian.
Galiziako artisautzaren erreferentea da bere diseinu bereziagatik eta kobalto kolore urdinagatik.
Bertako instalazioak eta piezak egiteko prozesua ikusi genuen, modu guztiz artisauan egiten dena.
Itzulerako bidaiari ekin genion, bazkaltzeko eta atseden hartzeko geldialdi pare batekin eta ia konturatu gabe gure herrira, Legazpira, iristen ginen.
Naturaz, monumentu bikainez, erakusketez... gozatu genuen lau egun oso intentsuak izan ziren, baina garrantzitsuena esperientzia hori zuekin partekatzea izan zen.
Laster berriro elkartzea espero dugu!
Martxoaren 7an eta Emakumearen Eguna ospatzeko asmoz, Iratzarri Emakumeen Elkarteak Burgoseko lurretara irteera bat egin genuen. Goizeko 7etarako autobusean geunden denok, ondo pasatzeko gogoz.
Lehenengo geldialdia Lermako Alisa hotelean egin genuen gosaltzeko.
Ondoren, Quintanilla del Aguako Artlanza Lurraldera joan ginen. Egilea Felix Yañez zeramikaria da, baina deigarriena da zabortegietako material birziklatuekin egina dagoela. Artlanza Lurraldea Gaztelako herri baten birsorkuntza da, Arlanza Haraneko tipikoa.
2020an, marrazki bizidunetako pertsonaiak, ipuinak, Burgosko katedrala... dituen haurrentzako gune bat gehitzea erabaki zuen. Gune horretako eskulturak azuleju-zatiz estalita daude, eta kolore asko ematen diote.
Hotz egiten zuen, baina oskarbi zegoen eta eguzkiak jotzen zuen. Gainera, almendrondoak loraldi betean zeuden eta aireak bere petaloak askatzen zituen Gaztelako herri honetako kale eta plazetan barrena gindoazela.
Handik Covarrubiasera joko dugu, Gaztelako herri-arkitekturaren adibiderik onenetakoa. Covarrubias Multzo Historiko-Artistiko Nazional izendatu zuten 1963an.
Ibilbide bat duen esku-orri bat dugu, udalerri honetako lekurik enblematikoenak ezagutzeko aukera ematen duena.
Historia, artea eta kondaira uztartzen diren kale eta plazetan paseatuz gozatzen dugu
Bertako gastronomiarekin lotutako erosketak egiteko denbora ere izan genuen.
Alisa de Lerma hotelera itzuli ginen bazkaltzera.
Postreetan xanpain kopa batekin topa egin genuen emakume guztiengatik eta bereziki Iratzarriko komunitatea osatzen dugunengatik.
Bazkalostean Lerma ezagutzeko denbora izan genuen.
Hiri hau ospetsua da Burgosko Villa Ducal delako, multzo arkitektoniko errenazentista ikaragarri batekin: bere Plaza Nagusia, Ducal Jauregia (gaur egun Parador), San Pedroko Kolegiata, pasabide dukalak…
Larunbat arratsaldean kaleak jendez gainezka ez bazeuden ere, benetako plazera izan zen zentzumenentzat, bertako kale harriztatuetatik paseatzea eta inguruan genituen monumentu ugariekin gozatzea.
Etxeratzeko unea iritsi zen. Itzuli ginenean gure artean komentatzen genuen zeinen ondo pasatu eta disfrutatu genuen. Txangoa oso ondo atera zen, baina garrantzitsuena gure arteko harremana da.
Mila esker parte hartzen duten guztiei baietz esan eta laster arte!